Durangaldeko ordezkaritza batek Euskal Herriko Bollotopaketetan parte hartuko du

Anboto 2024ko api. 12a, 14:18

Bollotopaketak apirilaren 26tik 28ra egingo dira Leitzan (Nafarroa). Durangaldeko kideek "bollerismotik pentsatzera, eraikitzera eta antolatzera" deitu dute datozen erronkei aurre egiteko. Atzo egin zuten aurkezpen ekitaldia, Intxaurreko terrazan.

40 urte joan dira Errenterian (Gipuzkoa) Euskal Herriko lesbianen arteko lehenengo topaketa egin zenetik. Bertan baturikoek borrokarako leku bat sortu zuten "orduko mugimendu feministaren eztabaida zentraletan agertzen ez ziren aldarrikapen propioak plazaratzeko helburuz". Ordutik hona, Euskal Herriko lesbianen mugimenduak ibilbide oparoa egin du. "Bollera subjektu politikoa hainbat forma eta sakoneratan eraldatu eta aberastu" dute, eta beharrezkotzat jo dute jasaten dabiltzan "zapalkuntzaren kontra borrokatzea". 

Hori dela eta, apirilaren 26tik 28ra Bollotopaketak egingo dituzte Leitzan (Nafarroa). Durangaldeko ordezkaritza batek jakinarazi du bertako jardunaldietan parte hartuko duela. Alde horretatik, herritarrak deitu dituzte "bollerismotik pentsatzera eta antolatzera" eta Leitzara joatera. "Gure artean saretzeaz gainera, gure kezka eta problematika propioak ipiniko ditugu erdigunean", esan dute. Hausnarketa saioak, tailerrak, berbaldiak, bertso saioa, karaokea, proiekzioak, performanceak eta arte sorkuntzak izango dituzte egitarauan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!