Durangarrek maiatzaren 2tik aurrera egin ahalko dituzte aurrekontu parte hartzaileetarako proposamenak

Anboto 2024ko api. 30a, 12:00

Udalak 200.000 euroko diru-poltsa prestatu du 2025eko aurrekontuan herritarrek proposaturiko ideiak txertatzeko. Horrez gainera, beste 600.000 euro prestatuko dituzte auzoetako proposamenak lotzeko.

Durangoko Udalak martxan ipini du 2025eko aurrekontu parte hartzaileak prestatzeko prozesua. Maiatzaren 2an irekiko du prozesuko lehenengo atala, herritarren proposamenak eta ideiak jasotzeko faseari dagokiona. Durangarrek datorren urteko aurrekontuko proiektuak proposatu ahalko dituzte 200.000 euroko mugagaz. Horrez gainera, udalak beste 600.000 euro bideratuko ditu auzoetako proposamenak lotzeko.

Herritarrek eguen honetatik maiatzaren 19ra arteko epea izango dute proposamenak partehartu.durango.eus web orriaren bitartez helarazteko. Udalak argitu du proposamenek interes orokorrekoak izan beharko dutela, "hala nola, hiri-hobekuntza, kultur-egitasmo edo merkataritza-sustapena" helburu dutenak.

Mireia Elkoroiribe alkateak aurrekontu parte hartzaileen garrantzia azpimarratu du: “Prozesu hau funtsezkoa da gure kudeaketa publikoa kolaboratibo eta gardena izatearekin dugun konpromisoa mantentzeko. Aurreokontu parte-hartzaileak ez dira baliabideak esleitzeko tresna hutsak, denoi eragiten diguten erabakiak demokratizatzeko manifestazio argia baizik. Durangoko biztanle bakoitzaren garrantzia aitortzen duen gobernatzeko modu bat da". adierazi du. Jesica Ruiz alkateordeak prozesuaren eragin komunitarioa nabarmendu du: "Herritarrak erabakiak hartzen inplikatzean, Durangoko zuntz sozial eta kulturala aberasteaz gain, gure politikak inklusiboagoak eta adierazgarriagoak izango direla ziurtatzen ari gara".

Lau fase izango dituen prozesua

  1. Proposamenak jasotzea (maiatzaren 2tik 19ra). Udalerrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek proposamenak aurkeztu ahalko dituzte, bere ideia babesten duen argazkiekin eta dokumentuekin. Herritar guztientzat interes orokorrekoan izan daitezkeen proposamenek 100.000 euroko muga izango dute. Gazteei eta adinekoei begirako proiektuek, 50.000 eurokoa.
  2. Proposamenak argitaratzea (ekaineko lehen astea): Udalak jasotako proposamen guztiak argitaratuko ditu, eduki difamatzailea edo diskriminatzailea dutenak baztertuta.
  3. Azterketa eta lehenespena (ekaina-iraila): Prozesuan ezarritako irizpideak betetzen dituzten proposamenak, bideragarriak direnak, ebaluatu eta lehenetsiko dira.
  4. Herritarren bozketa (irailaren 9tik 23ra): Hautatutako proposamenak bozkatzeko epea zabalduko da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!