Traņa-Maitena auzoan “Abadiņo” lemarekin ipini duten oroitarria oraindik amaitzeko dagoela azaldu du Jose Luis Navarro alkateak asteon. Hil honetako plenoan oposizioak oroitarria ipini izana gogor kritikatu zuen galderen tartean. Talde Independienteko alkatearen berbetan, baina, gobernu taldeak Udaleko egunerokotasunean hartu behar dituen erabakien arteko beste bat da oroitarri hori ipini izana. “Herrian farola bat aldatu edo lorontzi bat ipintzen dugunero ezin dugu oposizioari jakinarazten aritu”, adierazi du alkateak.

Matienan argazkiko oroitarria kokatzea “herria apaintzeko egiten dihardugun lanaren parte da”, azaldu digu. Hil honetako Udalbatzarrean bozeramale jeltzaleak ipini zuen gaia mahai gainean; “ez da onargarria oposizioko taldeetako zinegotziok gure herrian monumentu bat ipini dutela modu honetan jakitea”, salatu zuen Marian Larrauri zinegotzi jeltzaleak. Gobernu taldearengandik monolito hori ipintzearen inguruko ezelako informazinorik ez dutela jaso azpimarratu zuen. Halako erabaki bat hartu aurretik, Hirigintza Batzordean eztabaidatu behar litzatekeela aldarrikatu zuen batzarrean oposizinoko talde jeltzaleak.