2009TIK AURRERA
Garai. Lehenengo biderrez liberatuta egongo da, lanaldi partzialean, Garaiko alkatea. Izan ere, udal jardunerako dedikazio partziala izatea onartu du udalbatzarrak, aho batez. Gontzal Sarrigoitia alkateak berak azaldu lez, astean 12 orduan egongo da denbora partzialeko arduraldian, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera.
NAGUSIEN ELKARTEA
Garai. Lodosako (Nafarroa) kontserba enpresa batera bisita egingo dute, datorren astean, Garaiko nagusiek.
Bertso afaria
Garai. Azaroaren 8an bertso afaria antolatuko dute Otealoran elkartean. Sarrerak urriaren 29ra arte eskuratu daitezke.
FRONTOIAN
Garai. Herriko gaztetxoenei begirako proposamena antolatu dute udal arduradunek astebururako: etxeko gazteenek makina bat jardueratan parte hartzeko aukera izango dute frontoian.
URRIAREN 15EAN
Garai. Gripearen aurkako txertoa hartu ahal izango da eguaztenean, hilaren 15ean, 13:00etan, Udaletxean; pneumokokoaren kontrako txertoa ere hartu daiteke. Horretarako, baina, aurretik jakinarazi behar da Udaletxean edo Berrizko osasun zentroan.
ORDENANTZA FISKALAK
Garai. Datorren urtean %4 igoko dituzte zergak eta tasak, oro har. Hala onartu du udalbatzarrak. Salbuespenak ere badira; batetik, zaborraren gaineko tasa, aurten ere, %10 igoko dute, eta, bestetik, ura, estolderia eta putzuak garbitzeko zerbitzuaren gainekoa, %6 igoko dute.
AURREKONTUEI BEGIRA
Garai. Indarrean direnak “zaharkituta” daudela-eta, Arau Subsidiario berriak lantzeko prozesua hasi gura du EAJk, eta, horretarako, 2009ko aurrekontuan hiri-plangintza idazteko taldea kontratatzeko dirua gordetzea proposatuko du, ekarpenak egin gura dituzten guztiei zabaldutako batzordea sortzea ez eze.
LAN ISTRIPUA
Garai. Garaiko Momoitioko San Juan auzoan bizileku bakarreko etxebizitza bateko teilatua konpontzen ziharduela istripua izan zuen behargin batek astelehenean. Bost metroko altueratik jausi zen Zaldibarren bizi den 29 urteko behargina, larri zaurituz.
IRTEERA
Garai. Guardiara irteera eratu dute Garain, astelehenerako, irailaren 8rako. Arabako Errioxako herria bisitatzeaz gainera, hamaiketakoa egiteko tartea ere hartuko dute bertaratuko diren garaitarrek. Bertako upategi baten hartuko dute horretarako denbora.
LAGUNTASUNA
Garai. Herriko tabernek laguntasuna eskainiko dute, aurten, herriko jaietan. Azken urteetan ez dute parte hartu izan; hala ere, aurten eskaera luzatu die Udalak eta ondo hartu dute.
PILOTALEKUAN
Garai. Frontoian olgetan jardun eta tailerretan parte hartzeko aukera izan zuten, asteburuan, herriko neska-mutikoek. Horrezaz gainera, eskulanetarako duten abilezia erakusteko denbora ere izan zuten hurreratutako guztiek.
SANMIGELAK
Garai. Txapelketa lez iragarri arren, lehiakortasuna alde batera utzi eta lagun artean jan zituzten tortillak barikuan, San Migel nagusien elkarteak deituta. Kultur Astea antolatu dute San Migel egunaren aitzakian, eta hainbat ekitaldi izan dituzte herrian nagusien elkarteak gonbidatuta.
JAI GIROA
Garai. Hainbat ikusle batu zituen joan zen asteburuan herriko zortzi gazteren eta Iurretako Txirlo astoaren arteko norgehiagokak. Azkenenean, gazteek irabazi zuten.
BAZKARIA
Garai. Urteroko hitzorduari eutsiz, bazkaltzeko elkartu ziren, San Isidro egunean, hainbat lagun.
ENERGIA BERRIZTAGARRIAK
Garai. Hainbat lagun hurreratu zen barikuan plazara kontsumo txikiko bonbilak eta energia-eraginkortasuna eta energia barriztagarrien gaineko informazinoa eskuratzera.