Aurtengoa, gainera, hasiera berezia izango da. Normalean, iluntzean altxatzen dute jaiei hasiera ematen dien txopoa, baina aurten, zapatua izanda, eguerdian jasoko dute. Kuadrilla guztiak Trañako zubian batuko dira 10:00etan, Donien Atxa auzora eramateko, eta 12:00etan jasoko dute. Bestalde, txosnaguneko txupinazoa 13:00etan izango da.
Jaietako lehenengo egunean mozorro eguna ospatuko dute eta herriko kuadrillak herri bazkarian batuko dira, Traña plazan. Gauean ikuskizun piro-musikala egongo da tren geltokiaren ondoan, eta Trikizio taldeagaz erromeria.
San Prudentzio egunean, apirilak 28, jolasak eta henna tailerra egongo dira haurrentzat. Baita Txiki Txef tailerra ere, Zigor Iturrietagaz. 16:00etan kadeteen mailako txirrindulari lasterketa jokatuko da. Eta 17:00etan tute txapelketa Taberna Zarrean eta San Prudentzio xake txapelketa Pino plazan.
Arreta puntua
Bestalde, San Prudentzioetan lehenengoz, arreta puntua egongo da; Indarkeria matxistarik ez! lelopean, Traña-Matienako Udal Bulegoa zabalduko dute. Apirilaren 27an, maiatzaren 3an eta maiatzaren 4an egongo da zabalik herritarrak hartzeko, 22:00etatik 06:00etara. Horrez gainera, telefono zenbaki bat ere ipini dute: 662 326 118.