Abadiñoko domekako Green Series mendi bizikleta probak UCI kategoria izango du

Anboto 2024ko mai. 3a, 09:35

Abadiñoko alkateorde Edurne Maguregi, EPR elkarteko Ion Sarasua eta Antonio Alves eta Abadiñoko alkate Mikel Urrutia gaurko aurkezpenean.

Nazioarteko kategoria izango duenez, maila handiko ziklistak etorriko dira puntu bila. Zapatuan ere egongo da zegaz gozatua umeen lasterketekin.

Mendi bizikletako Green Series txapelketak goranzko jauzi bat eman du aurten. Zirkuituko zortzi lasterketak UCIren C2 kategoriakoak dira. Euretariko bat Abadiñon da eta domeka honetan lehiatuko dute. Kategoria berrira egokitzeak lan handiagoa eskatu die EPR elkarteko antolatzaileei, baina ordainetan maila handiagoko txirrindulariak etorriko dira, batez ere elite mailan, eta zaleek ikuskizun hobeagaz gozatu ahal izango dute. "Honek Abadiñoko herriak eta udalak txirrindularitzarekin daukan konpromisoa berresten du", adierazi du Mikel Urrutia alkateak gaurko prentsaurrekoan.

Belgikako, Frantziako, Eslobakiako, Portugalgo eta beste hainbat herrialdetako taldeak datoz; txirrindularirik nabarmenenen artean Julien Hemon, Sayu Bella eta Manon Chapon daude gizonetan eta Faranak Partoazar, Ainara Elbusto eta Edurne Izcue emakumeetan. Guztira, 350 ziklista batuko dira. Eskualdeko txirrindulariak gazte mailetan nabarmendu daitezke Cafes Dromedario Flotamet taldearekin: Ipar Arrinda, Hegoi Arrinda, Markel Garitaonandia, Ander Mendizabal eta Paul Mendizabal, besteak beste.

Zirkuitu "gogorra"

Zirkuituak 4,5 kilometro ditu. Irteera eta helmuga Zelaietako San Vicente galdategiaren inguruan egongo dira. Hasi eta berehala, parte hartzaileek Mendilibarreko harbideko aldapa gogorra igoko dute. Ondoren, baso bideetatik ibiliko dira eta Atxarte egoitzaren ondotik pasatu ondoren galdategira bueltatuko dira. "Zirkuitu nahiko gogorra da, aldapekin eta bide estuekin. Ikusleentzat ikusteko polita dela uste dugu", adierazi du EPR txirrindularitza elkarteko Ion Sarasuak. Zirkuituak iaz baino 300 metro gehiago. Zati bat helmuga inguruko landa baten gehitu dute, han batzen diren zaleek txirrindulariak denbora gehiagoan ikusteko aukera izan dezaten. Eremu horretan txosna bat ere egongo da, Lasterbidean ekimenak ipinita.

Master mailako txirrindulariak 09:30ean hasiko dira; Emakumeen elite mailakoak 11:10ean, eta gizonen elitekoak 13:00etan.

Zapatuan umeen lasterketak

Zapatuan umeen lasterketak antolatu dituztela da aurtengo nobedade bat. Benjamin eta kimu mailakoak eta haur-kategoriakoak Mini Green Series Udaberri Kopan ariko dira 15:50etik aurrera. 350 ziklista gazte batuko dira.

Zapatuan nahiz domekan trinkete inguruan aparkatzea eta zirkuitura oinez joatea gomendatu dute udaletik, ibilgailuen masifikazioa ekiditeko.

MAIATZAK 4 - ZAPATUA

  • 14:00 Izen-emateen irekiera.
  • 15:30 Zirkuituaren azterketa.
  • 15:50 Lehen urteko umetxoak.
  • 16:20 Bigarren urteko umetxoak.
  • 16:50 Lehen urteko kimuak.
  • 17:25 Bigarren urteko kimuak.
  • 18:10 Haur-kategoria eta kadete mailako neskak.
  • 18:15 Haur-kategoriako mutilak.

MAIATZAK 5 - DOMEKA

  • 09:15 Master 40, 50 eta 60.
  • 11:10 Elite mailako emakumeak, 23 urtez azpikoak, juniorrak, kadeteak eta Master 30 mailakoak.
  • 13:00 Elite mailako gizonak, 23 urtez azpikoak eta juniorrak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!