Gerediaga leku bila dabil egitasmo berritu baterako

Maialen Zuazubiskar 2025ko urr. 9a, 14:08

Joan zen asteko osoko bilkurak zeresana eman du Abadiñon, baita Durangaldean ere. Bilkurako gai ordenean, Gerediaga Elkarteak egindako eskari bat zegoen, eta, bertan aipatu zutenez, 1965ean eskualdean eratu zen elkarteak Abadiñon lokal batera etortzeko eskaria egin zuen. Bilkuran aldeko eta kontrako botoak eta iritziak egon ziren arren, Gerediaga Elkarteari lokal batzuk uztea onartu zuten.

Egindako eskaria nondik eta zergaitik datorren zehazteko, elkarteak oharra kaleratu du. "Sortu zenetik, Gerediaga Elkartearen lana eskualdeko nortasuna berreskuratu eta indartzeko, hura osatu duten iraganeko eta egungo egitura fisiko, kultural, ekonomiko eta politikoak ikertu, zaindu eta zabaltzea izan da", azaldu dute elkarteko kideek. Norabide horretan, Gerediagak dokumentategia ipini zuen martxan, eskualdeko gaiak batu, sailkatu, gorde eta jendartearen eskura modu antolatuan ipintzeko. "Azken urteetan dokumentategia berrizten aritu gara. Biltegia Astolan dugu eta Durangoko Larrasoloetan dugun egoitzan dago dokumentategia. Hala ere, leku falta dugu oraindino", gehitu dute.

Hori ikusita, orain urtebete baino lehenago Mankomunitateagaz eta eskualdeko udalekin hartu-emana lantzen hasi zirela gaineratu dute. "Abadiñoko Udalak herrian aukeraren bat aztertu zezakeela esan zigun, eta, ondorioz, 2025eko udaberrian eskaria egin genuen. Orain osoko bilkuratik pasatuta, proiektuaren txosten teknikoa landuko dugu", gaineratu dute. Lokalaren egokitzapenen kostua euren gain hartuko dutela azaldu dute. 

Bestalde, etorkizuneko gune berrian erabilera anitzeko gela, artxiboa, lan-eremua, laborategia eta bestelako zerbitzuak egotea aurreikusten dutela jakinarazi dute. 

Dokumentategian gordetako materiala

  • Argazkiak: 15.000 irudi digitalizatuta, eta beste hainbeste fitxatu barik. Bilduma aipagarrien artean daude German Zorraquin, Ricardo Doliwa, Alejandro Landaburu, J. I. Ansorena Olazaran, Maristak eta Jesuitak ikastetxeetako artxiboak...
  •  Liburuak: Guztira 3.102 liburu, Durangaldeari buruzko informazioa jasotzen dutenak: gai monografikoak, toponimia edo erreferentzia onomastikoak dituztenak, eta baita Durangaldeko idazleen lanak ere.
  • Aldizkariak: 1968tik aurrera bilduak, 1.992 ale guztira. Durangaldean argitaratu diren 70 aldizkaritik gora (Eraz bilduma osoa, Ibaizabal, Txistu y Tamboliñ...).
  • Eskuizkribuak: 1.764 dokumentu biltzen ditu. Nabarmentzekoa da, adibidez, 1410eko "Carta de tregua y perdón otorgada por Martín Sánchez de Marzana, señor del solar de Axpe de Marzana en favor del Concejo de Mondragón por la tala y quema de la torre de Marzana, ocurrida en 1387”. 1410. urteko azaroaren. 28an idatzitako eskuizkribua da, Arrasateko Uribarri Atutxako Andra Marian. Gerediagako Batzar Nagusien lehen aipamen dokumentala da.
  •  Liburu zaharrak: 1958ra arteko 260 liburu gordetzen ditu.
  •  Postalak eta grabatuak: 615 elementu.
  • Datu-baseak: Durangaldeko landa-arkitekturaren datu-basea (2002): 1.509 elementu fitxa eta argazkiekin.
  • Soinu grabaketak. 200 soinu grabaketa daude dokumentategian, horietako batzuk azokakoak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!