Bide erdia eginda, Gizarte Zerbitzuak lehenesten jarraitu gura du Mankomunitateak

E.H. 2025ko urr. 10a, 11:36

Mankomunitateko legealdia ekuatorera ailegatu da, eta gobernu taldeko kideek urte bi hauetako balantzea egin dute. Gizarte zerbitzuak, hondakinetarako kamioi berri biren erosketa eta belodromoko proiektuaren idazketa nabarmendu dituzte.

Gizarte zerbitzuei dagokienez, Mankomunitateak Gizarte Larrialdietarako Laguntzetan eta sail horretako plantillan ipini du fokua. Gogorarazi dutenez, aurten, 900.000 euro gehiagorekin osatu dute Jaurlaritzak gizarte larrialdietarako bideratzen duen diru-atala, eta gizarte zerbitzuetako plantilla administrari berri bi kontratatuta handitu dutela gogorarazi dute.

Hondakinak batzeko kamioi berri bi erosi dituztela aipatu dute, eta gogoan izan dituzte, halaber, indarrean ipinitako kontzientziazio kanpainak. Ekonomiaren atalean, enpresen beharrizanak detektatzeko prozesua azpimarratu dute. Prozesu hori DEK Durangaldea Enpresa Ekimenarekin eta Aldundiarekin egiten dabiltza, hain zuzen ere.

Euskararen atalean, Plan Estrategikoa jaio berri dela azaldu dute, eta kirol azpiegituren arloan, Berrizko belodromoa izan dute ahotan. Jakinarazi dutenez, azpiegitura birmoldatzeko proiektua idatzita dago dagoeneko. Askatasun Etorbideko Kontsumo Bulegoari dagokionez, zerbitzuak herritarren artean "erreferente izaten" jarraitzen duela esan dute.

Idoia Otaduy Mankomunitateko presidenteak eskualdeko herritarren bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko asmoa agertu du, eta talde politiko guztiak deitu ditu elkarlanean aritzera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!