Iurretako Bidebarrieta kaleak itxura berriztua du, bederatzi hilabete iraun duten berrurbanizazio lanak amaitu eta gero. Azken ikutuak eman dituzte asteon, eta kalea lorategiz eta zuhaitzez hornituta amaitu dituzte lanak. Udalak milioi bat euroko inbertsioa egin du lanak egiteko. "Herritarrak lasai eta seguru ibiltzeko eremua lortzea izan dugu helburu, urte askoan obrarik egin ez den kale hori atseginago bihurtzea", azaldu du Oskar Koka alkateak. Kale hortako aparkalekuak N-634 errepide. nagusiaren beste aldera lekualdatu dira, eta, Bidebarrietan 1.100 metro koadroko espazio berria egokitu da oinezkoentzat.
Oinezkoentzako kalea bihurtuko da Bidebarrieta kalea. Bada, ibilgailuen sartu-irtenak arautzeko ordenantza lantzen dabil udala. Alkateak aurreikusi du 2026ko urte hasieran prest egotea ordenantza. Aurreratu duenez, udaltzaingoak baimendutako ibilgailuak baino ezingo dira sartu Bidebarrietara. Eta abiadura mugatuta egongo da, orduko 20 kilometrora. "Garajeetara sartzeko, zamalanak egiteko eta kaleko zerbitzuak erabiltzeko baino ezingo dira sartu ibilgailuak, udaltzaingoak baimenduta, beti ere", gaineratu du alkateak. Bideokamera bat ipiniko dute hori guzti hori kudeatzeko. Bestalde, udalak argidun informazio panel bat ipini du Bidebarrieta kalean.
Galtzada bihurgunetsua
Ibilgailuek orduko 20 kilometroko abiadura errespetatu dezaten, "galtzada bihurgunetsua" egokitu dute Bidebarrieta kalean, alkateak azaldu duenez. "Izan ere, oinezkoek dute lehentasuna kalean", argitu du. Gainera, espaloiaren eta galtzadaren arteko aldea kendu dute. N-634 errepideak baldintzaturiko lanak izan direla gaineratu du. Adibidez, kalean ipiniko dituzten arbolak aukeratzerakoan, zehaztu duenez.