Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkateak bilera irekiak hasiko ditu herritarrekin, iritziak eta iradokizunak jasotzeko

Anboto 2024ko api. 25a, 11:57

Maiatzetik aurrera ekingo dio herritarrekin era presentzialean batzeari, martitzen goizetan eta arratsaldeetan. Herritarrek udaletxeko telefonoan edo zaldibar@zaldibar.eus helbidean eskatu ahalko dute hitzordua.

Zaldibarko Udalak pauso berri bat emango du herritarren parte hartzea sustatzeko norabidean. Eneritz Azpitarte alkateak herritarren iritziak eta iradokizunak aurrez aurre ezagutzeko bilera irekiak hasiko ditu maiatzetik aurrera. Alkatetzako bulegoan hartuko ditu herritarrak. Honako hauek izango dira bilera irekien ordutegiak: astearteetan 11:00etatik 12:00etara, eta 18:00etatik 19:00etara.

Udalak ohar bidez zabaldu duenez, honako hau egitasmo berria da Zaldibarren. "Gobernu taldeak herritarren parte hartzea sustatzeko eta bizilagunekiko gardentasuna areagotzeko daukan konpromisoaren zati da". "Udaletxeko ateak zabal-zabalik daude. Bizilagunek lasai berba egiteko tarte bat izango dute, herria hobetzen lagunduko duten ideiak eta iradokizunak partekatuta", adierazi du Eneritz Azpitarte alkateak. 

Hitzordua zelan eskatu

Alkatearekin batzeko hitzorduak era honetan eskatu ahalko dira: 946827016 telefonoan eta zaldibar@zaldibar.eus helbide elektronikoan. Eskatzaileek izen-abizenak eta alkatearekin landu gura duten gaia zehaztu beharko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!