Bidezabal atletismo taldeak babes handiagoa eskatu dio Mankomunitateari

Anboto 2024ko api. 24a, 12:16
Bidezabal atletismo taldeko Juan Ignacio Hernandez eta Cristina Petite gaurko prentsaurrekoan.

Espainiako federazioaren erabakien aurrean jarrera tinkoagoa eskatu du, Gipuzkoako talde bati estatu mailako txapelketa bat Durangon antolatzea ahalbidetu ondoren.

Maiatzaren 5ean Donostiako Club Atletico San Sebastian taldeak Ohorezko Mailari dagokion jardunaldi bat antolatuko du Durangoko atletismo pistan. Bidezabal klubeko arduradunentzat urak gainezka egiteko falta zen tanta izan da eta hedabideetara jo dute bidegabea iruditzen zaien egoera salatzeko. Kritikek Mankomunitatea dute jomuga. Kanpoko taldeen aurrean Durangokoak babesteko jarrera irmoagoa eskatu diote, etorkizunean handitzen joan daitekeen egoera dela uste dutelako.

Arazoaren jatorria honako hau da. Espainiako txapelketak egiteko egoitzak eta antolatzaileak Espainiako Atletismo Federazioak aukeratzen ditu. Hark zehazten du nork antolatzen duen zer eta non, bere kriterioen arabera. Gerta daiteke Gipuzkoako klub batek Durangon antolatzea jardunaldi bat, etxeko klubak, esaterako, Zaragozako jardunaldi batean programatzen dituzten bitartean. Eta kanporako joan-etorriek klubeko gastuak handitzen dituzte. "Berrogehi bat pertsonarentzako bidaia eta ostatua diru asko da", Bidezabaleko presidentea den Juan Ignacio Hernandez presidentearen esanetan.

Etorkizunean "areagotu" egin daitekeen arazoa dela uste dute. Zergaitik? Batetik, datorren denboraldian bederatzi talderaino hazi daitekeelako maila nazionalean lehiatzen duten taldeen kopurua, igoerak direla eta. Euretako bost gipuzkoarrak lirateke. Bestetik, Bizkaian eta Gipuzkoan maila horretako txapelketak har ditzakeen atletismo pista "bakarra" Durangokoa delako, Bidezabalen esanetan. Beraz, egoitza baterako hautagai asko leudeke.  "Arriskua argia da. Durangoko klub biok arazoak izango ditugu etorkizunean, bai ala bai, txapelketak Durangoko atletismo pistan antolatzeko", dio Hernandezek.

Testuinguru horretan, atletismo pistako ardura duen Mankomunitateari jarrera "irmoagoa" eskatu diote etxeko taldeak —edo Bizkaikoak— defendatzeko. "Mankomunitateak esan dezake: 'Bizkaikoak ez diren taldeek ez dute maila horretako txapelketarik antolatuko Durangoko atletismo pistan'. Hori eskatzen dugu", zehaztu du Hernandezek. Gainera, salatu du iraganean "oztopoak" aurkitu dituztela txapelketa bat eurek antolatu behar dutenean.

Durango Kirol Taldeari, Durangoko beste klubari, arazoaren berri emateko gutun bat idatzi diotela ere azaldu du Hernandezek, baina ez dute sentitu "bide berean indarra egiteko" jarrerarik.

Diru-laguntzak

Prentsaurreko berean Mankomunitateagaz izandako desadostasun gehiagoren berri ere eman dute. Esaterako, diru-laguntzen inguruan. Bidezabalen esanetan 2023ko diru-laguntza jasotzeko tramitea "epeen barruan" egin zuten, baina Mankomunitatearen iritziz, ez. Ondorioz, Bidezabalek salaketa bat jarri eta auzitegira eraman dute kontua. "Justiziak arrazoi ematen badigu ere, eragiten diguten mina itzela da". 2021ean ere izan zituzten gorabeherak diru-laguntza jaso aurretik. Azken batean, gai hori guztia malgutasun handiagoarekin tratatzeko "enpatia falta" egotzi diote Mankomunitateari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!