24 bizikleta baino gehiagorentzako aparkaleku itxia egingo dute Durangon

Anboto 2024ko mai. 2a, 12:05

Durangoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak mugikortasun iraunkorra sustatzeko hitzarmena sinatu dute. Aparkalekuak sarbideak kontrolatzeko sistema eta kamera bidezko zaintza sistema izango ditu.

Durangok bizikletentzako aparkaleku itxi bat izango du laster. Oraingoz ez dute azpiegitura instalatzeko datarik zehaztu, baina udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak aparkaleku seguru hori ezartzea adostu dute goiz honetan. Alde biek mugikortasun iraunkorra sustatzeko hitzarmena sinatu dute.

Aparkaleku itxiak 24 bizikleta baino gehiago gordetzeko lekua eskainiko du. Segurtasuna bermatze aldera, sarrera-irteerak kontrolatzeko sistema, barneko argiztapen iraunkorra, segurtasun leihatilak eta udaltzaingoagaz konektaturiko kamera bidezko zaintza sistema izango ditu. Hitzarmenean jaso dutenez, Foru Aldundiak 60.000 euro ipiniko ditu aipaturiko lanak egiteko.

"Mugikortasun iraunkorrerako kultura aldaketa sustatzen gabiltza. Ziur gaude horrelako ekintza txikiek aldaketa handiak eragin ditzaketela gure udalerriko garraio ohituretan, eta horrek nabarmen laguntzen duela gure karbono-aztarna fisikoa murrizten", adierazi du Mireia Elkoroiribe alkateak. Sonia Pérez mugikortasun arloko foru diputatuak azaldu duenez, "udalarekiko lankidetza hau Bizkaian bizikleta ohiko garraiobide gisa sustatuko duten azpiegituren sare bat sortzeko ahalegin zabalako baten parte da". 

Durangoko Udalak herri jasangarriago bateranzko pausoak ematen jarraituko duela iragarri du. Hor kokatu dituzte bidegorri sarea zabaltzeko edo trenaren trazadura berreskuratzeko egitasmoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!