“Gustura nabil hara eta hona ibiltze horretan, eta momentu honetan gogo handia dut horretarako”

Ekaitz Herrera 2024ko mai. 3a, 09:42

Eneko Sagardoy eta Jone Laspiur Asier Altuna zuzendariaren argibideak jasotzen. (Argazkia: David Herranz)

Zineman orain, antzokiko oholtzan gero, telebistan laster, eta tarte bat duenean bere ekoizpen propioak sortzen. Euskaraz orain, gaztelaniaz gero, eta ingelesez ere bai laster ikusiko dugun Those about to die nazioarteko telesailean. Berdin Bilbon, Parisen edo Madrilen. Eta berdin Italian, Venezuelan zein bere sorterrian. Halantxik dabil Eneko Sagardoy Mujika aktore eta antzezlea (Durango, 1994), batetik bestera, jo eta ke lanean. Egunotan, Asier Kixi Altuna zinemagileak zuzenduriko Karmele pelikula filmatzen dabil, Kirmen Uribe idazlearen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian oinarrituriko filma. Sagardoyk Txomin Letamendi musikari eta espioiaren rola jokatzen du bertan. Jone Laspiur aktoreagaz batera osatuko du istorioko rol nagusia, Eresoinka talde kulturaleko Karmele Urresti pertsonaia gorpuzten duen aktoreagaz batera. Horrez gainera, Lucha y metamorfosis de una mujer eta Tan solo el fin del mundo antzezlanak ditu esku artean.

Kazetaritzan ohikoa den joerari jarraituta, azken ordukoari buruz galdetu beharrean nago. Zein da azken ordua? Non harrapatu zaitugu?
Atzo goizean Karmele filmeko eszenarik esanguratsuenetariko bat filmatu genuen Bilbon. Arratsaldean Arriaga antzokian izan nintzen Lucha y metamorfosis de una mujer antzezlana jokatzen. Eta orain, goiza libre samar dudala, tronpeta jotzen ikasten nabil [Sagardoyk gorpuzten duen Karmele filmeko pertsonaiak tronpeta jotzen du]. Arratsaldean berriro izango naiz Arriaga antzokian. 

Zelakoa ari da izaten Karmele pelikularen filmazioa?
Egia esanda, oso gustura nabil. Oso pozik joaten naiz filmazioetara, oso dibertigarria da. Bikote baten urte luzeetako maitasun istorioa kontatuko dugu, oso eszenatoki desberdinetan. Bilbon, Parisen (Frantzia) eta Caracasen (Venezuela), adibidez. 1930eko hamarkadako azken urteetan eta 1940ko hamarkadako lehenengo urteetan giroturiko istorioak eta eszenatokiak dira. Oso esperientzia ederra izaten ari da. 

Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy (Argazkia: David Herranz).

Orain etxeko istorio bat kontatzeko lanetan zabiltza, etxean bertan. Baina orain urtebete Italian izan zinen Those about to die telesaila, Europan Amazon Prime Videok estreinatuko duen ikus-entzunezkoa filmatzen. Zelako esperientzia izan zen halako super ekoizpen batean parte hartzea?
Esperientzia ikaragarria. Ingelesez lan egiten nuen lehenengo aldia izan zen. Gainera, beste herrialde batean hainbeste denboran bizitzea berria zen niretzat. Ia bederatzi hilabete egin nituen han. Eta gero, gauza berria izan zen hainbesteko aurrekontua duen ekoizpen ikaragarri batean lan egitea. Gauza berri asko etorri zen batera, eta asko ikasi nuen horregaz. Gainera, dibertigarria ere bazen. Bazirudien jolas parke moduko batean nenbilela. Izan ere, egunero-egunero animaliak genituen inguruan, erromatarren zirku bat... Entretenigarria izan zen.

Zein rol jokatzen duzu Those about to die telesailean?
Nik jokatu dudan pertsonaia erromatarren garaiko Hispania Baetica hartatik Erromara doan zaldi hezitzaile batena da. Gero, Erroman dagoela bere anbizioak jota, pertsonaia auriga bihurtzen da. Hau da, zirku erromatarrean lau zaldi gidatzen dituen koadriga gidaria. 

Zelan egokitu zara super ekoizpen horretara?
Ekoizpen handi bat izatera dena biderkatzen da. Bertan esku hartzen duen jende kopurua, efektu bereziak, cateringa... dena da handia, baina ekoizpenaren funtsa beste edozein ekoizpenen antzekoa da. Egokitzapen horretan zuzendariagaz, aktoreekin eta abarrekin hartu emana egiten zoaz. Lehenengo egunetan egokitzapen hori egiten duzu eta hortik aurrera dena izan da normaltasuna. Telesaila Peacock etxeak estreinatuko du AEBetan, uztailean. Europan Amazon Prime Videok estreinatuko du, aurten dirudienez, baina ez dago data zehatzik. 

Eneko Sagardoy Tanttaka konpainiaren 'Lucha y metamorfosis de una mujer' antzelana jokatzen. 

Telesaileko aktoreen artean nazioarteko aurpegi ezagunak daude. Tartean, Anthony Hopkins. Galdera horia: zelakoa da?
Egia esaten badizut, ez dut beragaz egoteko aukerarik izan. Telesaileko eszenetan bat egiten dugun arren, filmazioan ez genuen fisikoki bat egiten. Egun desberdinetan grabatu genituen eszenak. Baina, dakidanagaitik, oso pertsona hurbila da, oso profesionala. Eta oso aktore ona. 

Zure lanbideak Italiara, Caracasera, Bilbora, Madrilera, Parisera... eraman zaitu. Batetik bestera ibiltze horretan, ohitu ere egingo zinen bizimodu nomadara.
Bai, baietz esango nuke. Gero, dirudiena baino errazagoa da. Bidaia asko ditut, hori egia da, baina, gutxi gorabehera, horrela nabil hasi nintzenetik. Iruditzen zait momentu honetan ezingo nintzatekeela lantoki finko batera edo ordutegi egonkor batera ohitu. Honegaz ez dut gure lanbidea mitifikatu gura, hara eta hona ibilita beste gauza batzuk ere galtzen ditugu eta. Hartu emanak mantentzea edo egunerokotasun bat izatea, esaterako, gatxa gertatu daiteke, baina gero beste gauza asko ere irabazten duzu. Adibidez, jende asko ezagutzeko aukera, leku berriak ezagutzeko aukera. Oraingoz, gustura nabil horrela. Beharbada urte batzuk barru ez, baina momentu honetan gogo handia dut hara eta hona ibiltzeko. 

Ezegonkortasun hori izan ote daiteke sorkuntzarako sena eta txinparta mantentzeko tresna?
Ezetz esango nuke. Sorkuntzarako sen hori zeure barruan duzu. Hau da, nonbaitera bidaiatzen baduzu, leku hori inspirazio iturri izan daiteke. Baina inora bidaiatu barik hemen geratzen bazara, inspirazioa topatuko duzu, betiere zeure barruan sorkuntzarako sen hori mantentzen baduzu. Niri, adibidez, etxean lan eta lan aspertuta egon izan naizenetan sortu zait sen hori. Horrenbestez, kanpora noanean hangoagaz gozatzen egoten naiz. Eta, beharbada, handik hilabetera etor dakidake sorkuntzarako sena. 

Eneko Sagardoyk Txomin Letamendi musikariaren rola jokatzen du Karmele filmean (Argazkia: David Herranz).

Zure atera ailegatzen diren proiektu eta proposamenen artean, zeren arabera erabakitzen duzu bategaz aurrera egin eta bestea baztertu? Zeren arabera aukeratzen dituzu proiektuak?
Segun. Zinema asko egin badut, antzerkia lantzeko gogoa izan dezaket. Eta alderantziz ere bai. Oinarri-oinarrian, proiektuak gogoa sortzen didan ala ez, ilusioa eragiten didan ala ez, horren araberakoa izaten da erabakia. Eta gero beste gauza asko ere ipintzen da mahai gainean: zuzendaria nor den, gidoia zein den, lankideak nortzuk diren, lana non den, soldata zein izango den, zein produktu klase den, esposizio maila bat ala bestea emango didan... Batzuetan elementu horiek guztiak neurtzen zoaz, baina, funtsean, erabakia hartzera bultzatzen zaituzten alderdirik esanguratsuenak ilusioa eta gogoa dira. Hau guzti hau proiektuak datozkizunerako da baliagarria. Ezer ez dagoenean, ostera, datorrenari heltzen diozu. Baina, egia esanda, azken urteotan, neurri batean behintzat, handik eta hemendik aukeratu ahal izan dut.

Irati, Errementari, Handia, 80 egunean, Amama, Loreak... film batzuetan parte hartu duzu, beste batzuetan ez, baina azken urteotako ekoizpenak dira guztiak. Euskarazko zinemagintzaren loraldi batean gaude?
Ez dakit! Egia esanda, kazetariek hamar urte daramatzazue galdera hori berori egiten (barrez). Eta iruditzen zait hamar urtean galdera hori berori formulatzen ibiltzea ezezkoa pentsatzeko sintoma oso argia dela. Badirudi ez garela horretara ohitu edo ez dugula horretan sinesten. Iruditzen zait loraldia baino zerbait gehiago dela. Industria bati buruz eta euskarazko ekoizpenen jarraikortasun bati buruz berba egiten hasi gaitezke. Eta, era berean, autokritika apur bat egin eta errealitatera itsasi behar dugulakoan nago. Izan ere, loraldi horretatik irteten diren guztiak harribitxiak direla dirudi. Eta ez da horrela. Pelikula onak eta eskasak egiten dira. Beraz, ez dut sentitzen loraldi bat dagoenik. Gero, egia da 2011. urtea baino lehenago apenas egiten zela euskarazko zinerik. Orain, ostera, hamahiru urtera, beste leku batean gaude. Bestalde, egon daitekeen beste loraldi bat filmazioak hemen egiteari loturikoa da, horretarako dauden pizgarri ekonomikoak direla kausa.

Sare sozialen garaiotan, esposizio mediatikoa etenbakoa den honetan, non hartzen duzu babes?
Orain dela urte batzuk, elkarrizketetan, jaietan zein galetan, ahalik eta gutxien agertzeko erabakia hartu nuen. Normalean ez naiz horietara joaten, eta proiekturik ez dudanean ez naiz askotan agertzen publikoki. Oso trankil bizi naiz horrela. Sare sozialak nire lanak promozionatzeko baino ez ditut erabiltzen, eta oso eroso sentitzen naiz horrela. 

Eneko Sagardoy (Argazkia: Asier Corera).

Etxera etorrita, bada zuretzat inportantea den helduleku bat: Ander. Eta beragaz batera sortu duzu Sumendi filmak ekoiztetxea.
Zortekoa naiz. Anaia oso argia da, oso langilea eta oso maitagarria. Ander ere industria honetan sartu zen orain urte batzuk. Bere proiektuetan hasi zen, Irusoin ekoiztetxean dago eta Sumendi filmak ekoiztetxea dugu elkarregaz. Gogotsu gabiltza, martxan. Honek lanbide honetako beste arlo bat lantzeko aukera ematen du, kameretatik kanpora. Ekoizpenak egitea, proiektuak sortzea, diseinatzea... Ni arlo artistikoaz arduratzen naiz, eta Ander paper kontuez, finantziazio bideak lortzeaz. Proiektu hori partekatzea oso polita da. Barre ugari egiten dugu. 

Eta elkarrizketa etxean amaitzeko, zer esango zenieke Durangaldeko irakurleei?
Laster Durangon izango naiz, Lucha y metamorfosis de una mujer obra euskaraz estreinatzen (Emakume baten borroka eta metamorfosia). Urrian izango da. Beraz, egin tokia agendan!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!