Etxe berean lau musikari topatzea ez da ohikoa.
Alex: Bueno, ez pentsa. Familia askotan izaten da musika-transmisioa, belaunaldirik belaunaldi. Gure ama euskal dantzetan aritzen zen eta arreba eta biok txistua jotzera animatu ginen. Gero, Nerea emazteak eta biok balio handia eman diogu musikari etxean.
Zelan entseatzen duzue?
A.A.: Biko txandetan. Bik baino gehiagok batera jotzea larregi da. Baina zortea dugu bizilagunekin. Dena dela, asko zaintzen dugu noiz eta zelan entseatu.
Zelan duzue agenda? Txistulariak oso preziatuak dira gaur egun.
A.A.: Jaizale txistulari elkartean buru-belarri gabiltza eta agenda nahiko beteta dugu. Baina geuk gura dugulako! Oso gustuko dugulako, beti dago-eta ezetz esateko aukera. Bada, denerako prest egoten gara. Bihar Durangoko Madalena auzoan joko dugu, eta Zornotzako Txistu Egunean ere parte hartuko dugu.
Klarinetea eta zeharkako flauta ez dira oso ohikoak kalejiretan.
Garazi: Ez. Klarineteak silbotearen afinazio bera du, eta Jaizale elkartean silbote gutxi dago. Bada, gu ere kalejiran joatera animatu gara.
Naiare: Asko gustatzen zaigu. Mañarian, Zornotzan... jo dugu. Sevillan ere bai, iaz Espainiako Kopako finala jokatu zenean.
Futbolzaleak ere bazarete?
A.A.: Ez gara futbolzale sutsuak, baina Atlhetic zaleak gara, bai. Eta egun berezia izan zen. Orain arte bizitako politena izan zen. Sevillako kaleetan jo genuen; batzuk dantzan, besteak abesten... egun gogoangarria izan zen.
Egun hori duzue bereziki gogoan?
A.A.: Bai. Gehien gozatu genuen eguna izan dela esango nuke. Sevillako kaleetan jo genuen, eta Athletic Hirian amaitu. Oso polita izan zen. Baina herri txikietan ere asko gozatzen dugu!
N.A.: Sanferminetan ere irten ginen kalejiran, iaz, lehenengoz. Oso ondo pasatu genuen.
Naiare eta Garazi, zuek Tabira bandan jotzeko aukera izan duzue. Eta Irati, zuk Bilboko Filarmonikagaz jo duzu aurten. Kalejirak ala kontzertuak gurago dituzue?
I.A.: Kontzertuetan presioa handiagoa da, jendea espreski etorri delako entzutera. Kalejiretan giroa alaitzeko jotzen dugu.
N.A.: Bietan gaude gustura.
Non gustatuko litzaizueke jotzea?
N.A.: Euskadiko Orkestran sartzeko proba egin gura dut.
G.A.: Nik ere bai.
I.A.: Ezingo nizuke esan.
A.A.: Alabak orkestra handi batean jotzen ikustea gustatuko litzaidake, jakina! Ni neu Athleticen beste final batean jota konformatzen naiz.