Burokraziak irentsiko gaitu. Paper, fitxa, prozedura, arau, inprimaki, epe, lege eta baimenek bizitza hilko dute.

Zerbitzu publikoak arautzearen helburuak, baliabideen demokratizazioa eta banaketa justua dira, edo izan beharko lirateke behitzat, baina nago kontrakoa gertatzen ari dela.

Medikuarekin zita bat hartzeko, kotxea aparkatzeko, multa bat ordaintzeko, bazkari herrikoi baterako aulkiak eskatzeko edo ekimen kultural baterako baimena lortzeko behar dira: osakidetzako txarteleko zenbakia, BakQ ziurtagiri digitala, baimen eskaera egin duen elkarteko presidentearen NANaren fotokopia, aurretiazko zita eskatuta lortzen den P012 inprimakia eta, nola ez, arkitekto batek sinatutako txosten teknikoa.

Administrazio publikoaren segurtasun juridikoa eta pertsonon segurtasuna garrantzitsuak dira, horregatik sortu ditugu prozedura estandarizatuak, autobabes planak, datuen babeserako legeak eta beste mila instrumentu. Baina helburuetan baino tresnetan arreta gehiago jartzen bada, tresnak helburu bihurtzeko arriskua dago, hasierako helburua zein zen ahazteraino.

Nire inguruan behintzat gero eta gehiago normalizatzen ari da elkarte eta baita norbanakoen artean ere, tramite hauek guztiak egin ahal izateko aholkularitza enpresak kontratatzea eta joera honek badakigu zein desberdintasun eta arrakala sortzen dituen, badakigu nork ordaindu dezakeen horrelako zerbitzu bat edo nork duen abokatua den lagun bat mesedea egingo diona eta nork ez. Altxatu dezagun beraz burua paperetatik eta jar dezagun begirada helburuetan, 15 urteko gazteentzat herriko frontoian erraketarekin jokatzeko baimena lortzea porroak erostea baino konplikatuagoa denean, zerbaitetan ez garelako asmatzen ari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!