Non du iparra errugbiak?

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Gomez (Errugbi entrenatzailea) 2024ko api. 26a, 08:37

Errugbiaren munduak bi abiadura ezberdinak dituela argi daukat. Abiadura handian ditugu Hego Hemisferioko Hegoafrika, Zeelanda Berria eta Australia. Bakoitzak bere antolaketa du, baina egituraketa hori sendotuta dago, hiru herrialdetan klubak edo probintzietako frankiziak dituzte.

Australian gainera kirol honetan bi modalitate dituzte: Rugby Union eta Rugby League delakoak. Bietan jokalari asko aritzeaz gain, zale ugari dituzte atzetik. Zeelanda Berrian errugbia kirol ezagunena eta arrakastatsuena izateaz gain, joko sakratutzat hartzen dute biztanle ugarik, eta eurentzat beraien kultura eta ohiturak munduan ezagutarazteko bidea bilakatu da. Hegoafrikan, ordea, Nelson Mandela presidenteak errugbia erabili zuen herriaren norabide berria zuzentzeko. Apartheid sasoi gogorrenean zurien kirola bazen ere, Mandelak errugbia erabili zuen zurien eta beltzen arteko zatiketa eta arrakala leuntzeko eta herri berria sortzen laguntzeko.

Ipar hemisferioaren errealitatea ere nahiko berezia da. Sei Nazioetako partaideen kasuan erreparatuz. Ingalaterran errugbia betidanik unibertsitateetan errotuta egon da, kluben egituraketa ere indartsua da eta babesle garrantzitsuak dituen txapelketa dute Premiership Rugby delakoa, non 10 talde aritzen diren. Galesen errotuta dagoen kirola ere bada, baina betidanik lotura izan du langileekin, batez ere meategietan aritzen zirenekin. Irlandan ere badira lau frankizia, hiru Irlandan eta beste Ipar Irlandan; bana, eskualde bakoitzean. Azpimarratzekoa da errugbia dela Irlanda eta Ipar Irlanda batzen dituen kirol bakarra. Eskozian ere badira hainbat klub eta liga berezi bat dute, baina talde garrantzitsuenek Glasgow eta Edinburgon dute egoitza. Eskoziako bi talde hauek, Irlandako lauk, Galeseko lauk, Italiako beste bik eta Hego Afrikako lau taldek United Rugby Championship delakoa jokatzen dute urtero. Maila handiko txapelketa izatera heldu da azken urteetan.

Bukatzeko munduko txapelketa indartsuena aipatu beharko genuke, hau da, Frantziako Top 14 izenekoa. Frantziako txapelketak aurrekontu handiena du, orokorrean hartuta munduko ia jokalari onenek bertan jokatzen dute. Azpitik badira beste maila sendo batzuk: Pro D2a dugu horren adibide argia eta garbia, frantziarren bigarren maila. Aipatutako talde eta klub guztiak profesionalak dira, egitura sendoak eta aurrekontu ederrak dituzte, eta jokalariek bizimodua aurrera atera dezakete gustukoa duten kirola praktikatuz.

Errealitate honetatik kanpo argentinarrena litzateke kasu bereziena. Klub ugari dituzte, baina momentuz ez dira profesionalak. Hori dela eta, askok maleta hartu eta Europara hurbiltzen dira beraien ibilbidea hobetu nahian. Hala ere, Argentinako selekzioaren mailak gora egin du nabarmen azken 20 urteetan.

Baina aipatutako taldeak elitean dira, eta beste maila batean aritzen dira gaur egun. Multzo honetatik kanpo hainbat talde dago. Hego hemisferiokoek, Fiji, Tonga eta Samoak, biztanleria txikia izan arren, jokalari ugari ateratzen dituzte beraien harrobietatik eta aipatutako Liga handietara esportatzen dituzte jokalariak. Ipar hemisferioan egoera ezberdina da, Georgia, Errumania, Portugal, Espainia, Alemania hor dira beraien maila igo nahian, baina arrazoi ezberdinengaitik ez dute lortzen.

Estatuko errugbia aztertuz gero, ene aburuz arazo estrukturala dago. Zergatik? Klub gehienek baliabide ekonomiko nahikoak ez dituztelako talde profesionalak bilakatzeko. Babesleak daude, baina gehienetan erakunde publikoak dira, hau da, gehienetan udalek edo diputazioek ematen dituzte laguntza ekonomiko horiek. Baina kasu askotan agindutako diru-laguntza horiek ez dira osotasunean heltzen edo klubek duten baino gehiago gastatzen dute. Gastuak biderkatzen dira eta horrek askotan kluba desagertzea edo maila galtzea dakar. Azken urteetan hainbatetan gertatu da. Klub askok fitxaketak egin eta denboraldi erdian diru faltagatik jokalariak kobratu barik gelditu dira. Horren adibide garbia aurten finalerdietan dagoen Sevillako Zientziak taldearekin gertatu dena da. Egoera salatzeko jokalariek partida batera ez aurkeztea erabaki zuten, baina zoritxarrez hau sarri askotan gertatu izan da azken urteetan.

Txanponaren beste aldea Burgos taldea litzateke. Errugbian inolako tradiziorik ez duen talde bat, erakundeen laguntzarekin, Estatuko onenen artean sartu da, fitxaketa onak egiteko aukera izan du eta gerta daiteke aurten Liga txapelduna izatea. Noiz arte jarraituko du hor goian azpiegitura minimoa ez duen talde batek? Ziurrenik erakundeen laguntza bukatu arte. Horregatik uste dut errugbia estatuan eta Hego Euskal Herrian, profesionala izan beharrean diru-laguntzen menpe dagoela, eta horrela behar duen tokia hartzea oso zaila izango du epe labur edo ertainean.

Egoera gurera ekarrita, orain dela 6 urte, 2018-19 denboraldian hain zuzen ere, 12 talde zeuden Lehen Mailan. 12 horietatik 3 talde euskaldunak ziren; Ordizia, Hernani eta Gernika. Gaur egun bakarra dago, Ordizia, eta estuasunak pasa izan ditu mailari eusteko. Askotan gure inguruko taldeek liga txapelketetan irabazitakoa ezin dute gauzatu diru faltagatik.

Iparraldeari begira, orain dela urte gutxi batzuk aipatutako Top 14 horretan Baiona eta Miarritze lehiatzen ziren, eta XXI. Mendeko lehen hamarkadan Miarritzeko taldea hainbat urtetan Europako talde indartsuenekin aritu zen Heineken Cup txapelketan. Handik gutxira arazo ekonomikoak zirela eta, mugimendu bat sortu zen talde biak elkartzeko eta klub sendoa eratzeko, baina ez ziren akordio batera heldu, eta handik gutxira Miarritzek maila galdu zuen eta Pro D2ra jaitsi zen.

Aurreko guztia aztertu ondoren uste dut, maite dugun kirol honen arduradunek hausnarketa sakona egin behar dutela. Alde batetik epe ertainera begira egiturak sendotu, babesle sendoak bilatu (epe ertainera begira egon daitezkeen enpresak), harrobiak zaindu eta azken urteetan fitxa kopuru handitze hori babestu eta sustatu, eta bukatzeko kultura berri bat sustatu non garrantzitsua litzatekeen eredu zehatz bat izatea, norabide zehatz batekin. Nire ustez, Irlandakoa edo Zeelanda Berrikoa izan daiteke bideragarriena hegoaldean. Frankizia indartsu bi sor zitezkeen, bata Bizkaian eta bestea Gipuzkoan. Horrek herrialde bakoitzean kluben arteko adostasuna eskatzen du, baina zoritxarrez uste dut inguruko taldeek beraien zilborra bakarrik ikusten dutela eta momentuz oso zaila izango da adostasun minimo bat lortzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!