Benjamin eta kimu mailako neska futbolariei begira, ate irekien jardunaldi egingo dute Berrizen

Anboto 2024ko mai. 7a, 13:00

Eguenean izango da, Berrizburun eta Eli Ibarra Athletic-eko futbolari ohiak parte hartuko du.

Berriz Futbol Klubak benjamin eta kimu mailako nesken talde bana sortu gura du datorren denboraldian. Ildo horretatik, eguen honetan —maiatzak 9— ate irekien jardunaldia egingo du adin horretako neskentzat eta euren familientzat. Berrizburu futbol zelaian izango da, 16:30etik 18:00etara.

Jardunaldi horretan, Athletic Clubek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Kimet Sport enpresak bultzatutako 'Pasa Baloia Neska' programako teknikariek antolatutako entrenamendu ariketak eta jolasak egingo dituzte.

Printzipioz 2013, 2014, 2015 edo 2016 urteetan jaiotakoei bideratutako ekimena da, baina beste adin batzuetakoei aterik itxi barik. "Urte horietan jaio ez arren, futbolean aritu nahiko lukeen neska bat bazara, hurbildu zaitez zu ere, zuretzako ere lekua aurkitzen saiatuko gara eta", zehaztu dute klubetik ohar batean.

Eli Ibarra, Berrizburun

Egueneko ekimenak pizgarri handi bat du. Eli Ibarra Athletic taldeko jokalari ohiak bertatik bertara jarraituko du jardunaldia. 2002tik 2017ra, 15 denboralditan, bost Superliga irabazitakoa da Athleticekin. 413 partidutan 111 gol sartu zituen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!