Abadiñoko Udalak lehiaketa publikora atera du eraikin publikoen garbiketa

Anboto 2024ko mai. 8a, 13:24

Interesdunek ekainaren 10era arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaintzak.

Abadiñoko Udalak lizitazio publikora atera du udal eraikin publikoen garbiketa zerbitzua. Bi urterako kontratuak 716.077 euroko oinarrizko aurrekontua du, eta beste bi urterako luzatu daiteke. "Baliteke luzapen hori gauzatzea edo ez, izan ere, gobernu-taldeak zerbitzu hori soilik baliabide publikoekin ematea bideragarria den ala ez zehazteko azterlana egiteko konpromisoa hartu du, kanpoko enpresak kontratatu barik", azaldu dute ohar bidez. 

Pleguei dagokienez, aurrekontuaren igoera nabarmena aurreikusten du, urtean 240.000 eurotik 358.000 eurora pasatuz. Izan ere, joan zen martxoan, eraikinen garbiketarako langileen oinarrizko soldata hobetzea erabaki zuten. Gainera, zerbitzu osagarriak ere gehitu dira. Domeketan Astolako kiroldegia garbitzea eta Traña-Matienan eta Muntsaratzen instalatuko diren komun publikoak garbitzea, besteak beste. 

"Balioa eman gura diot langileekin eta talde politiko guztiekin lortu dugun adostasunari, azkenengo osoko bilkuran plegu horiek aho batez onartu dira-eta. Hainbat urtetan aurrerapenik egin barik egon eta gero, alde guztietatik baldintza nabarmen hobeak izango dituen zerbitzua lizitatuko da. Hurrengo pausoa zerbitzu osoa publiko egiteko aukerak aztertzea, eta, horrela, langile guztien baldintzak homogeneizatzea, izango da", azaldu Mikel Urrutia alkateak. 

EAJ kritiko
EAJk, ostera, Abadiñoko Gobernu Taldeak eraikinen garbiketako langileek soldatak eta eskubideak parekatu barik jarraitzen duela kritikatu du. "Egun eraikinen garbiketako langileak hiru modu ezberdinetan banatuta daude, bakoitza bere baldintzekin. Eta guk uste dugu, hori parekatu egin behar dela", azaldu dute ohar bidez EAJko kideek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!