[ARGAZKI GALERIA] Tabirako Baqué EBA mailara zuzenean igo daiteke asteburuan Loiola Indautxu taldea menderatzen badu

Anboto 2024ko mai. 7a, 10:00

Azken jardunaldian galtuta ere Lauko Finalerako sailkapena segurtatua du.

Gizonen Euskadiko Lehen Mailako liga erregularra datorren asteburuan amaituko da. Une honetan Tabirako Baque lider dago 22 garaipenekin. Garaipen bat gutxiago du Loiola Indautxuk, hirugarren tokian. Bada, talde biek elkarren kontra jokatuko dute zapatuan, 18:00etan, Bilbon. Tabirakok irabazten badu, EBA mailara igoko da zuzenean. Galduz gero bizirik jarraituko du Lauko Finalerako sailkatuta dagoelako.

Etxetik kanpora jokatuko du, baina etxean lez sentitu daitezen ahaleginduko da kluba. Taldea animatzera joateko autobusa antolatu du. Interesatuek comunicacion@tabirako.eus helbide elektronikoan erretserbatu dezakete tokia.

Azken urteetan Tabirakok birritan lortu du EBA mailan jokatzea: 2019an eta 2022an. Beraz, bost urtean hirugarrenez jokatu dezake EBAn.

Etxeko azken partidua

Joan zen zapatuan, etxeko azken partiduan, 73-60 irabazi zion Urgatziri, besteak beste, Asier Arizmendiarretaren (14 puntu), Xabier Arroitajauregiren (17 puntu, 10 errebote), Aitor Calleren (15 puntu, 2 errebote) eta Mohamed Ndong-en (7 puntu, 3 errebote) ekarpenari esker.

Senior neskek, Lauko Finala

Gizonek Bilbon jokatuko dutena ez da Tabirakoren asteburuko hitzordu inportante bakarra izango. Bigarren Nazionalera igotzeko borrokan, senior emakumeek Lauko Finala jokatuko dute Basauriko Urbi kiroldegian. Finalerdia Begonazpiren kontra jokatuko dute zapatuan, 18:15ean. Kiroldegia Tabirakoko zalez betetzeko deia egin dute klubetik.

Denboraldia amaiera

Emakumeen talde nagusiak aho zapore onarekin amaitu du denboraldia Euskadiko Lehen Mailan. Asteburuko azken partiduan 70-75 irabazi zion Kopako txapelduna den Loiolari. Partiduko lau laurdenetan aurretik ibili ziren durangarrak.

Liga hamaikagarren tokian amaitu dute, zazpi garaipenekin.

Kadeteak Bizkaiko txapeldun

Tabirakoko neska kadete eta gazteek Bizkaiko finalak jokatu zituzten asteburuan. Kadeteak txapeldun geratu ziren, Ermuan. Gazteak, berriz, azpitxapeldun izan ziren Durangon jokatuko Lauko Finalean.

Tabirako kadete txapeldunak. (Luis Iturrioz)

Txapeldunorde geratu diren Tabirakoko gazteak. (Luis Iturrioz)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!