Elorrioko Aldapegora mendi lasterketa nobedadeekin dator zapatuan: herri proba eta umeentzakoa ere egingo dituzte

Anboto 2024ko mai. 8a, 20:39

Txaber San Pedro eta Alain Bravo gaurko aurkezpenean.

Iazko estreinaldiak harrera ona izan zuen eta aurten errepikatu egingo dute 26 kilometroko lasterketa, 150 bat parte hartzailegaz.

Elorrioko Aldapegora mendi lasterketak bigarren aldia egingo du zapatu honetan. Iazko balorazio positiboa egin dute Erdella mendi taldeko kideek eta esperientzia on harek aurten errepikatzera animatu ditu, udalaren eta beste eragile batzuen laguntzarekin. 

Lasterketa hainbat nobedadegaz dator. Alde batetik, probaren data aldatu dute. Iaz irailean egin zuten eta aurten maiatzera aurreratu dute. "Iaz mendi lasterketa eta martxa asteburu berean izan ziren eta jendeak bata edo bestea aukeratzen zuen. Aurten, gura duenak errezago izango du biak egitea", adierazi du probako antolatzaileetako bat den Txaber San Pedrok gaurko aurkezpenean. Data aldaketak harrera ona izan du korrikalarien artean. Guztira 350 korrikalari batuko dira. 

Proba laburra, Erdellatik

Iaz korrika egiteko ibilbide bakarra egon zen aukeran: 26 kilometrokoa. Aurten 15 kilometroko laburrago bat ere egongo dela da beste nobedade bat. Abanikoa zabalduz “jende gehiago erakartzea" da helburua .Proba herrikoia 10:30ean hasiko da, Elorrioko plazan. 15 kilometrotan, korrikalariek 850 metroko desnibela gaindituko dute. Erdella (682 metro) eta Intxorta (743 metro) izango dira probako punturik garaienak. Bidean hainbat ermita (San Juan, San Adrian…) eta auzo igaroko dute. Guztira 200 korrikalarik parte hartuko dute.

Luzea, Udalatxetik

Lasterketa luzea 09:45ean hasiko da eta iazko ibilbidea errepikatuko dute.  1.700 metroko desnibel positiboko ibilbidean, Elorrio inguruko tontorrik esanguratsuenak igaroko dituzte. Memaia izango da igoko duten lehenengo mendia, bosgarren kilometroan. Hiru kilometro geroago, Besaideko monumentu ondotik igaro eta Udalatxerako bidea hartuko dute. Udalatxetik Kanpanzarrera, Kanpanzarretik Intxorta igo, eta handik Aldape auzora jaitsiko dira ondoren, helmugarantz bideratu aurretik. 150 korrikalarik eman dute izena ibilbide luzerako. Parte hartzaileen artean Oihana Kortazar nabarmendu daiteke, gaur eguneko korrikalari onenetakoa. Urte askoan Erdellako bazkide izandakoa da. "Poz handia ematen digu Kortazar etortzeak", adierazi du San Pedrok.

Umeentzako lasterketak

Aldapegora ez da goizeko lasterketekin amaituko. Arratsaldean umeentzako lasterketa txiki bi ere egongo dira. Horixe da beste berrikuntza bat. 16:30ean 5etik10 urtera artekoen lasterketa hasiko da, eta 17:00etan 11tik 15era artekoena.  

Lasterketaren harira, herrian egun osoko jai giroa sortzea gura dute. Horrela, Elorrio Rugby Taldeak karpa bat ipiniko du herriko plazan. Edaria eta ogitartekoak salduko dituzte bertan. Bestalde, arratsaldean txokolatada eta DJ Belkroren emanaldia egongo dira, 18:00etan.

Etiketa berdea

Aurten Etiketa Berdearen aldeko apustua egin dute Aldapegoran. Elkarbizitzan, berdintasunean eta jasangarritasunean oinarrituriko lasterketak sustatzeko egitasmoa da Etiketa Berdea. Ildo horretatik, Elorrioko ibilbidea esprai ekologikoagaz markatu dute, eta egunean zehar birziklagarriak diren edalontziak eta bestelakoak erabiliko dituzte, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!