Gurutze Fradesek zazpigarren amaitu du Utah-ko St George Ironmana, mokorreko lesio eta guzti

Anboto 2024ko mai. 6a, 10:00

Gurutze Frades, Utah-n (Instagram: @gurutzefrades)

Arazo fisikoek aurrerago amaitzea eragotzi diote.

Gurutze Fradesek zazpigarren tokian amaitu du Utah-ko (AEB)  St George Ironmana. Egun batzuk lehenagotik mokorreko lesio bat arrastaka zekarren arren, iurretarra ez da burua makurtzen duen horietakoa eta meritu handiko lasterketa osatu zuen. Emaitzarekin "oso pozik" dagoela adierazi du sare sozialetan.

Igerian (1,9 km) eta bizikletan (90 km) "nahiko ondo" aritu ostean, korrikako maratoi erdian heldu ziren sufrimenduak. "Frustrazio handia nuen egoeragaitik: dudak amaituko ote nuen, minari eutsiko nion, ondo egiten nebilen… Egoera gatxa izan da, baina aurre egin eta lasterketa ona burutu ahal izan dut", azaldu du. Lesio eta guzti ere postu batzuk aurrera egitea lortu zuen korrika, zazpigarrenera heldu arte.

Kalifornian, hamargarren

Aurten beste Top 10 bat ere lortu du atleta iurretarrak. Apiril hasieran izan zen, Kaliforniako Oceanside proban. Hamargarren amaitu zuen. Orduan ere ez zuen zortea aldeko izan, bizikletan zulatu bat izan zuelako. Ezbehar horrek aurrerago amaitzea eragotzi zion.

Gurutze Frades, Kalifornian. (@gurutzefrades)

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!